|
|







|
|
Castellano |
Catalá |
Galego |
Euskara

Rudolf Steiner Austrian jaio zen
1861ean eta Suitzan, Dornach-en, hil 1925ean. Doktorea zen Filosofia
eta Letretan, baina beste hainbat arlo ere jorratu zituen:
Matematikak, Fisika eta Zientziei eta Arteei loturiko beste hainbat
gai. Goetheren lan zientifikoa errotik aztertu zuen, eta azterketa
horren ondoren Goetheanum Zientzia Espiritualaren Unibertsitate
Librea sortzea erabaki zuen. Unibertsitateak Basilean, Suitzan,
zabaldu zituen ateak eta hango era guztietako mintegi eta lantegiek
mundu osoko ikasleak erakarri zituzten. Baina, Rudolf Steiner
bereziki antroposofiaren, hau da, gizakiaren ezagutzan oinarritzen
den zientziaren aita izateagatik da ezaguna. XX. mendetik aurrera
gizaki modernoak mundua eta bere burua beste modu batean ulertu
behar zituela sentitu zuen argi eta garbi.
Alabaina, Steinerren fruiturik
aipagarrienetako bat hezkuntzak jaso zuen: gaur egun Waldorf
pedagogia izenez ezagutzen dena. Gizartea etengabe berritzen ari den
garai honetan, askatasunerantz bideratzen du haurraren eta gaztearen
hezkuntza.
Heziketa arte bihurtu zuen, artea
gizartea benetan eraldatzeko giltzarritzat zuelako; eta horregatik,
artea da Waldorf pedagogiaren oinarrietako bat.
Waldorf pedagogia gure mendeko
aldaketa nagusiekin batera sortu zen. Lehen Mundu Gerra igaro berri
zela (1919), Emil Molt industria-gizonak eskola aske bat antolatu
eta zuzentzeko enkargua eman zion Rudolf Steinerri. Eskola
Stuttgarten zuen zigarro-fabrikako langileen seme-alabentzat izango
zen. Steinerrek enkargua onartu eta lehen irakasle taldea prestatu
zuen. Bost urtez izan zen eskola berriaren zuzendari eta denbora
horretan hezkuntza- eta gizarte-eredu bizia sortzen ahalegindu zen,
Erakunde Sozialen Triformazioaren ideian oinarrituta.
Heziketak lan artistikoa behar duela
izan kontuan hartuta, giro aske eta sortzailea behar du gauzatzeko,
eta horrekin batera, irakasleen eta gurasoen arteko lankidetzan
behar du oinarritu, jarduera ororen ardatza ikasleak direlako beti.
Haur-hezkuntzatik 18 urtera bitarteko
garaia (haurtzaroaren eta nerabezaroaren artekoa, alegia)
hezkidetzan bizitzen dute eskola hauetako haurrek. Bestalde,
orainaldiko eta geroaldirako eskolak dira eta, beraz, hauetan
oinarritzen dira: haurraren garapen ebolutiboan eta milaka urteetako
kultur herentzian, baina bizitza modernoaren eskakizunetara
egokituta. Maisu-maistrek gainera, alderdi intelektuala, artistikoa
eta praktikoa uztartzen dituzte beti, eta astean behin klaustroa
egiten dute, eguneroko lana sakon aztertzeko eta profesionalki
etengabe prestatu eta eguneratzeko. Gainera, Waldorf eskoletan
haurrek ez dute azterketarik egiten eta ez dute
errendimendu-eskakizunei erantzun beharrik. Aitzitik, haurren arteko
lankidetza bultzatzen da, baina indibidualtasuna oinarritzat
hartuta.
Stuttgarten 1919an sortu zen lehen
Waldorf eskolak izugarrizko oihartzuna izan zuen Alemanian eta
inguruko herrialdeetan. 1923tik aurrera R. Steiner jardunaldi
pedagogikoak antolatzen hasi zen eta eskolako maisu-maistrei
hitzaldiak ematen. Horiek guztiak akuilu ona izan ziren Holanda,
Ingalaterra, Suitza eta Alemaniako eskola ugariren sorreran. Gero,
Bigarren Mundu Gerran, eskola guztiak itxi egin bazituzten ere,
ideia pedagogiko bikain hark zabaltzen jarraitu zuen
klandestinitatean, 1945ean jakin zenez.
Gaur egun, munduan 2.000tik gora dira
Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko Waldorf eskolak, eta
Haur Hezkuntzakoak, berriz, 1.900 baino gehiago. 90 bat herrialdetan
daudenez zabalduta, herrialde behartsuetan (Brasil, Ekuador,
Kolonbia, Peru) zein aberatsetan (Suedia, AEB, Kanada eta Australia)
aurkituko ditugu, eta, beraz, edozein haur joan daiteke eskola
horietara, izan ere, era guztietako haurrak onartzen dituzte,
kulturari, jatorriari, maila sozial eta ekonomikoari zein erlijioari
erreparatu gabe.
Espainian hogei bat ekimen daude
Waldorf pedagogia ardatz harturik eta Espainiako Waldorf Ikastetxeen
Elkartea osatzen dute. Garrantzitsuena Madrileko Las Rozaseko Micael
ikastetxe librea da. Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren
Hezkuntza eskaintzen ditu, eta berriki baita Batxilergoa ere. Lehen
Hezkuntzan, dena den, badaude beste eskola aipagarri batzuk ere:
Aravacakoa (Madril), Bellaterrakoa (Bartzelona) eta Benidormekoa
(Alacant). Eta beste hainbat probintziatan (Oviedo, Girona,
Valentzia, A Coruña, Segovia, Cadiz, Malaga, Granada...) Haur
Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak zabaltzeko proiektuak
ari dira jorratzen.
Askatasuna oinarri-oinarrizkoa da
kultur bizitza sortzailea izateko.
Rudolf Steinerrek hainbat arlotan
egin zuen lan. Heziketari eta gizarteari loturiko gaietan ez ezik,
nekazaritzan, pinturan, musikan eta kantuan ere aritu zen. Gainera,
hitzaren artea eta euritmia (mugimenduaren artea) ere sortu zituen,
eta gutxi balitz, medikuntza antroposofikoaren eta pedagogia
sendatzailearen alorrean ere urrats garrantzitsuak eman zituen.
Europaren erdialdean oso ezagunak dira antroposofiari loturiko
klinikak eta heziketa bereziko ikastetxeak, baita laborategiak ere
(produktu farmazeutiko eta dietetiko ugari merkaturatzen dituzten
Weleda, Ischia, Wala). Eta batzuetara zein besteetara ikasle eta
mediku ugari joaten dira antroposofiaren ikuspegi berria ezagutzera.
Rudolf Steiner, bestalde, egungo
nekazariak naturarekiko lotura galduta duela konturatu zen, eta
galera horri erantzun nahian nekazaritza biologiko-dinamikoa sortu
zuen, hain zuzen ere, elikatzen gaituen lurrari estuki lotuta zegoen
antzinako nekazariaren jakinduria berreskuratu nahian. Nekazari
hura, egungoa ez bezala, landareen hazkuntza zuzentzen duten
metamorfosien jakitun zen, eta nekazaritza biodinamikoaren bidez,
egungo nekazariak aukera du bizi-funtzioei zentzua emateko eta
hainbat xehetasun kontuan hartzeko: urtaroen joan-etorria, planeten
eraginak, ereiten diren hazien arteko “sinpatia” eta “antipatiak”...
Beraz, nekazaritza biodinamikoaren helburua ez da uzta kosta ahala
kosta bikoiztea; aitzitik, mundu organikoaren legeak, soroen
erritmoa eta haziek behar duten denbora ezagutu eta errespetatzea.
“Kultibo” eta “kultura” hitzak familia berekoak omen dira eta, egia
esateko, historian zehar kulturak eta arteak giza pentsamendua,
fantasia eta borondatea hazten eta loratzen lagundu dute.
R. Steinerren lana hobeto ezagutu
nahi dutenek argitaletxe hauetara jo dezakete, haren hainbat liburu
eta konferentzia gaztelaniaz, portugaleraz eta katalanez kaleratuta
dituzte eta. Ildo bereko gaietan (Nekazaritza Biodinamikoa, Waldorf
Pedagogia, Pedagogia Sendatzailea, Medikuntza eta Terapia
Antroposofikoak, Soziologia, Historia, Arkitektura eta beste arte
batzuk) jardun duten autoreen literatura ere eskaintzen dute:
. Editorial Rudolf Steiner, Calle
Guipúzcoa, 11, 1º izqda., 28020 Madrid, España;
www.editorialrudolfsteiner.com
. Cuadernos Pau de Damasc, Apartado
89050, 08080 Barcelona. E-mail:
paudedamasc@yahoo.es
. Editorial Antroposófica, Cañada
220, Del Villa Obregón, 01900 México, D.F., México.
. Editorial Epidauro, Ramos Mejía
2615, AR 1609 Boulogne, Provincia de Buenos Aires, Argentina.
. Editorial Antroposófica Crisólogo,
Larralde 2224, Capital Federal, AR 1429 Buenos Aires, Argentina.
. Editorial Antroposófica, Rua Sao
Benedito 1325, Casa 45, Sao Paulo, Brasil.
subir
|
|